HISTORIA

 

ITURRIBERO Mendizale-Taldeak 1978-79 ikasturtean hasi zuen bere bidea, urte hartan 45 begirale, guztiak ikastolako gurasoak, izan zirelarik.

Horrela, bada, ikastolan ikas-orduetatik kanpo hasi zen lehen ekintza dugu.

Lehenengo irteera Zaldiaran mendira egin zen, Virgen Blanca enparantzatik aterata.

1980-81 ikasturtea ITURRIBEROko oso berezia izan zen taldeko jendearentzat, ikasturte horretan gero ohiko bihurtu zaizkigun kanpaldietako lehena egin baitzen. Legairen egin zen eta taldeko lehenengo lau kanpai-dendak estreinatu genituen.

Gainera, denboraldi horretan bertan 1980.eko abenduaren 21ean Usakoatxa mendi tontorrean Jaiotza jarri genuen festa-giro ederrean.

Hurrengo urtean, abenduaren 20an beste jaiotza bat jarri genuen Albertia mendiko gailurrean; geroztik urte guztietako azken irtenaldia bertara egiten dugu; mendi magalean dagoen aterpetxean jai aparta izaten dugularik: Olentzero, gaztainak, txistua, ...

ITURRIBERO mendi-taldeko programan Kanpaldia eta Albertiako festa ikasturteroko mugarrietako bi badira, badaude urtero-urtero errepikatzen diren beste bi ekintza: Alde batetik TrebiƱon dagoen Cerro mendira egin ohi dugun igoera; taldeak 1982.eko urriaren 10ean bertako gutunontzia jarri baitzuen.

Beste aldetik, behin ikasturtea amaitu ondoren ospatu ohi dugun bukaera jaia aipatu behar dugu. Bukaerako jai honetan eguna giro ederrean pasatzeaz gain, umeen mendizaletasuna saritzen ahalegintzen gara, mendira etortzea gustagarria gerta dakien. Jai hori lehenengo aldiz 1980eko ekainaren 1ean Landako zelaietan ospatu zen. Hurrengo urtean Bernedoko Okon Ama Birjinaren baselizaren inguruetan izan zelarik. Geroztik Landako aterpetxean ospatu zen 1995-96 denboraldia arte.

Ikasturte horretan Oro santutegiaren inguruetan dauden zelaietan ospatu genuen. Denboraldi horretan hasita urte bakoitzean leku batean ospatu dugu eta jaialdiari mendi-ibilaldi batek ematen dio hasiera.

1994-95 denboraldian ekimen berri bat jarri genuen indarrean. Ekimen horri "gazte taldea" izena eman genion. Gure asmoa zen zailtasun handixeagoa zuten irtenaldiak antolatzea, behin hamahiru-hamalau urte bete ondoren poliki-poliki taldea uzten zuten gaztetxoentzat.

Denboraldia aste buru osoko irtenaldi batekin burutzen genuen. Irtenaldi hori Pirinioetara edo "Picos de Europa" izeneko mendietara egiten genuen. Talde honek polikipoliki behera egin du eta 2002-2003 denboraldian ez du irtenaldirik izan.

Ikasturte amaierako irtenaldia, ordea, gero eta jendetsuagoa bilakatu zaigu, jadanik ez baitugu begiratzen zein den gazteen adina.