Mendian ibiltzeko aholkuak

Dena bikain ateratzeko aurretiaz ondo prestatu
 
Mendira ez duzu inoiz bakarrik joan behar. Elkar zaitez lagunekin eta presta ezazue ibilaldia:
  • Nora eta zer bidetik joan, zer garraio erabili behar den.
  • Kontsulta itzazue metereologi zerbitzuak, eta txangoa informazio horren arabera antolatu.
  • Zenbat denbora beharko duzuen. Ez ezazue justuegi kalkulatu, izan ezazue kontuan ustekaberen bat gerta dakizuekeela.
  • Presta ezazue zer eraman behar duzuen mendiaren, ibilbidearen eta eguraldiaren arabera, baina ez eraman alferreko pisurik.
  • Irten baino lehen adierazi etxean zer asmo duzuen, horrela lasaiago geratuko dira eta laguntza behar izanez gero, errazago aurkituko zaituzte.
Eguraldia mendian
Behin mendira atereaz gero, pentsatutakoa burutzea komeni da; baina eguraldi txarra izanez gero, hobe duzue ibilaldi errazagoa aukeratzea edo txangoa bertan behera uztea. Eguraldi txarrak arriskuak areagotu egiten ditu eta ibilaldi errazena arriskutsua bihur daiteke.

Euri arriskua antzemanez gero, gauzak plastikozko poltsetan biltzea komeni da.

Aldatzeko arroparik izan ezean, eta euriak soineko guztia busti behar badu, hobe duzue janzkiren bat kentzea eta motxilan gordetzea, horrela ibilaldiaren amaieran janzteko lehorrik izango duzue.

Haizea, euria, ekaitza gogorrak badira, hobe duzue behe aldeetatik joatea eta ez gailurretatik.

Tximistak izanez gero, zuhaitzetatik, harkaitzetatik eta metalezko eraikinetatik alde egin. Leku zabaletan, zelaietan saiatu isolatzaile baten gainean jartzen makurtuta. Isolatzailerik izan ezean, jarri belauniko eskuak lurrean dituzuela. Babesteko lekurik egokienak etxeak, autoak eta kobazuloen barru aldea, inoiz ez sarrera, dira.

Eguraldia eguzkitsua izanez gero, kontuz! Babestu modu egokian erredurarik ez jasateko.

Jana, edana, atsedenaldia
Lantzean behin atsedenaldia hartzea guztiz komenigarria da; baina kontuz ez zaitez hoztu, jantz ezazu jertsea, edo anoraka eta berriro oinez hasterakoan ken ezazu.

Kasu urari! Mendian hotza izan ohi da eta berotasunean bat-batean asko edanez gero, kalte eman diezazueke. Edan ezazue beti iturrietatik; inoiz ere ez animaliek ibiltzen diren inguruetatik.

Ez ezazue inoiz ur gehiegi edan. Zenbat eta gehiago edan orduan eta izerdi gehiago botako duzue; gainera tripa beteta ez dago ondo ibiltzerik. Hortaz, ur gutxi baina askotan.

Geldialdietan ez ezazue gehiegi jan, jaki elikagarriak eta kantitate txikitan.

Janari astunena ibilaldi bukaeran egin behar dugu, bestela liseriketa bukatu arte itxarongo dugu bideari berriro ekin baino lehen.

Ibiltzeko modua eta jokabidea
Joka ezazu beti gizatasunez, egon beti prest edozein laguntzeko eta besteenganako jarrera egokia erakutsi eta begiramen berezia izan zailtasun handiagoa dutenekin.

Modu egokian eta neurtuan ibili, presarik gabe. Mendian ez da korrika zertan egin, baina taldearen martxari jarraitzea komeni da.

Zuhurtasunez jokatu arrisku egoeratan edo ezin denean jakin aurretik zer gertatuko den.

Ibilera motelenari egokitu behar zaio, bera joan beharko da buruan, inor atzean ez geratzeko.

Taldearen buruan eta atzean bidea ondoen ezagutzen dutenek joan behar dute, inor ez galtzeko.

Ingurua jagon; animaliak eta landareak errespetatu eta bideak eta iturriak zaindu zeuek edo beste batzuek berriro erabil ditzaten.

Ez da komeni sua egitea. Egitekotan, basotik kanpo, haizerik ez dabilenean eta zulo baten barruan zabaldu ez dadin. Ondo zaindu eta alde egiteko orduan utzi erabat itzalita.

Utz itzazue garbi ibilitako lekuak.

Mendirako ekipoa
  • Motxila egokia, pisua ondo banatzen erraztuko dizuna.
  • Ikas ezazu mapa eta ipar-orratza erabiltzen eta eraman itzazu.
  • Ikas itzazu oinarrizko lehen laguntzak. Eraman oinarrizko botikin bat.
  • Eraman ezazu txilibitu edo alarma tresnaren bat.
  • Galtzerdi eta oinetako egokiak, bihurrituak eta erorketak ekiditeko.

Behin ibilaldia amaituta, guztia garbitu, lehortu eta behar izanez gero konpondu, horrela gehiago iraungo du eta beti izango duzu modu egokian.

Ez ezazue zeure golkorako gorde mendian gozatutakoa; konta iezaiezue etxekoei eta lagunei nola pasatu duzuen; erakuts iezazkiezue argazkiak.... horrela hurrengo batean lagunduko zaituztete.